Unas manos cortan un níscalo por la base del pie con una navaja

Hasteko gida · 4/6 kapitulua

Nola bildu perretxikoak basoa hondatu gabe

Saskian sartzen duzuna perretxikoaren zati txiki bat baino ez da. Nola biltzen duzun, horrek erabakitzen du mendiko txoko horrek datorren urtean perretxikorik emango duen ala ez.

Ikusten duzuna fruitua baino ez da

Onddoa lur azpian bizi da, mizelio moduan: hari mehe-mehez egindako sare bat, lurrean zehar hedatzen dena, batzuetan hamarkadetan, zuhaitzen sustraiei lotuta. Azaleratzen dena haren fruitua da: egun batzuetarako ateratzen da, esporak askatu, eta desagertu egiten da. Fruitu hori biltzeak ez du onddoa hiltzen, sagar bat hartzeak sagarrondoa hiltzen ez duen bezala. Kalte egiten diona beste hau da: lurra harrotzea, behin eta berriz zapaltzea edo dena eramatea, ezer utzi gabe.

Aiztoarekin, eta zuloa estalita

Moztu perretxikoa aiztoarekin oinaren behealdetik, lurra harrotu gabe. Araban hori da onartzen den modu bakarra: aiztoa edo labana, eta debekatuta dago perretxikoak erauztea. Nafarroako mendi-araudiak, gainera, oinaren behealdea moztu eta orbel artean lurperatzeko eskatzen du. Garrantzitsuena gero egiten duzuna da: zuloa zegoen lurrarekin eta hostoekin estaltzea, mizelioa airean gera ez dadin eta lehor ez dadin.

Gauza batek ez du lasterbiderik onartzen: ezagutzen ez duzun perretxiko bat identifikatzeko hartzen baduzu, osorik atera behar da, oinarria barne, eta Arabako arauak ere onartzen du horretarako hiru ale oso arte hartzea. Askotan, perretxiko bat jangarria ala hilgarria den erabakitzen duena hantxe dago, lur azpian geratzen den zatian.

Utzi txikiak eta zaharrak

Perretxiko oso txikiek hazten jarraitu behar dute, eta, gainera, zailagoak dira identifikatzen. Zaharrak eta zabalduak jada ez daude jateko onak, baina esporak askatzen ari dira: haiek uztea ereitea da. Bildu puntuan daudenak, eta jango dituzunak bakarrik. Ez dago zertan mugara iritsi.

Ez harrotu lurra

Eskuarerik ez, ezta goroldioa edo orbela ostikoka altxatu ere azpian zer dagoen ikusteko. Geruza hori mizelioaren etxea da. Ibili kontuz, ez zapaldu behin eta berriz korro bera eta, ahal duzunean, baliatu bidezidorrak.

Eramaten ez dituzunak, utzi zutik

Jaten ez diren perretxikoei ostikoak ematea ohitura zabaldua bezain zentzugabea da. Pozoitsuek ere badute beren eginkizuna mendian: egurra eta orbela deskonposatzen dituzte, animaliak eta intsektuak elikatzen dituzte eta zuhaitzei laguntzen diete. Eta atzetik datorrenak agian ikusi edo argazkia atera nahiko die.

Errespetatu mendia eta bertan bizi direnak

Kapitulu guztiak
  1. Baimenak eta arauak
  2. Zer eraman
  3. Non eta noiz
  4. Nola bildu
  5. Zer bildu eta zer utzi
  6. Etxera bueltan